Elkarrizketak

Hurrengo bi elkarrizketak, mod mugimendua barrutik hobeto ulertzeko legungarriak dira oso. Alde batetik, Igu, musika talde bateko partaidea daukagu. Beste alde batetik, Nacho, moda da. Mod mugimendua gertutik ezagutzen dute biek.

IGU

Igu, The Allnighters taldeko kantaria izan zen 1988tik 1998ra arte. Euskal Herri eta Estatu mailan talde garrantzitsua bilakatu zen, mod mugimendua gertutik ezagutuz. Gaur egun, Bilboko Bullit tabernan lan egiten du, musika beltza astebururo jarriz. 


Ze neurritan eragina izan zuen mod mugimenduak Euskal Herrian?

 80. hamarkadaren bigarren zatian eta 90. hamarkadaren lehenengo zatian, “Mod” izenarekin definitzen ziren zenbait talde bazeuden Euskal Herrian, haien artean aipagarriena, Los Scooters (Donosti, Powerpop) taldea izan zen, haien liderra, Javier Sun egun Mod Time izeneko taldean jotzen duelarik. Gainera, mod kulturaren influentzia argia zuten beste talde batzuk zeuden, haien taldekideen artean mod batzuk izanik, baina “mod talde” bezala definitzen ez zirenak. Hauen artean, The Allnighters (Gasteiz, Rhythm & Blues), Los Crónicos (Bilbo, Powerpop), Magic Teapot (Getxo, Psicodelia), Little Feet & The Prenatals (Gasteiz, Ska), Página 3 (Donosti, Powerpop/Ska) aurki ditzakegu, besteak beste.

Lokalen artean, Euskal Herrian, garrantzitsuena Gasteizko Dadá aretoa izan zen (Fernández de Leceta kalean). Bertan, astebururo mod itxura zeukaten 200 bat gazte ikusten ziren, inguruko hirietako pertsonak erakartzen zituztelarik. Hasiera batean, Dadá aretoko jabea eta DJ-a zena, ez zen mod mugimenduarekin identifikatzen, baina bere lokalaren arrakasta ikusita gazte hauen artean, Mod DJ-en sesioak antolatzera pasatu zen, non musika beltza eta The Who, The Jam edo Madness taldeen musikak uztartzen ziren gauero. Baina Dadá aretoak mod mugimendutik aldentzen joan zen, hortaz, beste areto batzuk nagusitu ziren, hala nola, Galipó eta El Abuelo, mod mugimenduarekin harremanduta zeudenak. Halaber, The End izeneko kontzertu aretoan, mod taldeen kontzertuak eskaintzen hasi ziren, baita mod DJ-en sesioak antolatuz ere.

Araban egon ziren mod mugimenduarekin zuzenean harremanduriko lokalak. Bizkaian eta Gipuzkoan, mod gazteek festak egiten zituzten han eta hemen, batez ere Getxoko El Canallan, Bilboko El Cubilen edo Mugan. Gipuzkoan, Anoeta aretoa zen nagusi, Donostian. Gainera, Lasarten, mod lagun talde handi bat zegoen, baina bertan ez zegoen eszenarekin erlazionaturiko lokal ezagunik.

Ze garaian izan zuen garrantzi gehien mod mugimenduak Euskal Herrian?

Hamarkada batean, 1983tik 1992ra. Hasiera batean, Gasteizeko mod mugimenduaren egoera nahiko indartsua izan zen, Madrilekin, Bartzelonarekin eta Malagarekin mod mugimendu barruan indar gehien zuen hiria zelarik. Esan dudanez, Gasteizetik parkak eramaten zituzten pertsona asko ikusi ahal ziren, baina jende askok mugimendua utzi zuen, gaia sakontzen ez zutelako. 90. hamarkadaren hasieran, soilik mod eszenaren laurden bat geratzen zen, baina musikalki eta estetikoki jakintasun maila handikoa. Scooter asko ikusten ziren, DJ mod batzuk ezagunak ziren Euskal Herri zein Estatu mailan, 60. hamarkadako arropak ikusten ziren, Londresen erositakoak.

Beste hamarkada batzuekin aldenduta, nola ikusten duzu mod mugimenduaren egoera gaur egun?

Gaur egun, oso jende gutxi geratzen da Euskal Herrian mod mugimenduaren arima duena, baikorra izanda, 80 kide daudela esango nuke. Aitzitik, Estatu eta Europa mailan, zenbait festibal egiten dira urtero. Haien artean, Gijonen abuztuan ospatzen den Euroyeyé (zelako izena...) dugu eta Londresen Beat Bespoké izenekoa, Aste Santuan ospatzen dena.
Esan beharra dago, 1990. hamarkadan banaketa garrantzitsu bat eman zela mod eszenan, bi zatitan bananduta gelditu zelarik. Alde batetik, estilista izenarekin ezagunak zirenak. Hauek, mod mugimenduaren jatorrietara itzulera bilatzen zuten, batez ere, janzkera dotorera eta musika beltzera, Ska, Jazz, R&B eta Soul-era. 
Beste aldetik, sikodelikoak bezala ezagutzen zirenak aurkitzen ziren. Hauek, ostera, musikari zurien soinu sikodelikoetara hurbiltzen ziren, garage edo freakbeat musiketara hurbilduz. Gainera, estetikoki, ile luzea eta janzkera pop estilokoa zuten.

Banaketa hau oso garrantzitsua izan zen, kasu batzutan borroketan amaitu zirelarik haien arteko diferentziak. Baina gaur egun, bi adar hauen arteko elkarbizitza ona da, nahiz eta diskoteketan eta lokaletan bakoitzak bere aretoa duen. 
Gaur egungo eszenaren eta 80. hamarkadako mod eszenaren arteko ezberdintasun nabariena gogorkeri falta da, 80. hamarkadan mugimendu kultural ezberdinen arteko liskarrak ohikoak baitziren.

Deskribatu mod mugimenduarekin harremanduriko musika taldeen egoera Esukal Herrian.

Neure aburuz, mugimenduarekin harremana duten taldeak honakoak dira:
Mod Time (Donosti, Powerpop), Brand New Sinclairs (Barakaldo, Beat/ R&B), Acapulco Gold Diggers (Gasteiz, Garage/Beat), Akatz (Bakio, Ska), Extended Plays (Bilbo, Freakbeat/Sikodelia). Halaber, musika beltzarekin harreman estua duten beste bi talde aipagarriak dira: Stay Blues (Donosti, R&B) eta The Cherry Boppers (Bilbo, Funk).  

Zure iritziz, “Quadrophenia” filmak eragin positiboa ala negatiboa izan zuen mod mugimenduan?

Biak. Kontuan hartu behar dugu Quadrophenia pelikula The Who taldearen disko batean oinarritutako grabazioa dela, 1973an idatzitakoa baina 1964. urtean inspiraturik dagoena. Gainera, arazo psikologikoak dituen mod baten istorioa kontatzen digu. Beraz, filmaren meta ez da mod mugimenduaren dokumental bat izatea. Jende askok ez du datu hau aintzat hartzen.
Eragin positiboa honakoa izan zen: Galtzeko zorian zegoen mugimendu baten berpizkundea suposatu zuen. Mod bizimoduaren ezaugarriak azaletik aipatzen dira, adibidez, scooter-en erabilera, estetika...

Eragin negatiboa izan du, jende askok ideia sinple batekin gelditu baita: Mod gazteak mutil drogazaleak dira, borroketan aritzen direnak. Ildo honetatik, “mod quadrophenikoak” deituriko gazteak sortu ziren, soilik filmeko pertsonek erakusten duten gogorkeriagatik erakarriak izan ziren. Hauek denbora gutxi iraun zuten, beren idealak eta benetako mod batenak guztiz ezberdinak zirela ikusterakoan.

Pete Townshendek  esan zuen:  “Mod bat gaztea, liraina eta ergela da”. Zer deritzozu?

Benetan estimatzen dut Pete Townshend, baina guztiz erratuta dagoela deritzot. Gaztea izan daiteke ezaugarri bat, baina ez da funtsezkoa. Liraina izan daiteke zirkunstantzia bat, baina ez da batere beharrezkoa. Mod baten ergeltasuna beharrezkoa izatea zuzenean ezin da onartu, guztiz faltsua da. Asko gustuko dut The Who taldearen lehen managerrak esan zuen definizioa: “Garai latzen aurrean bizimodu txukuna eta garbia da modernismoa”. Musika beltza, scooter-ak, dantza, R&B-a maite duen edozein pertsona izan daiteke mod bat.

Definitu laburki mod baten bizimodua.

60. hamarkadako estetika dotorearekiko eta pop-arekiko obsesioa. Cool-aren bilaketa janzkera zein dekorazioan, scooter-aren pertsonalizazioa, izaera. Mod batek bere diruaren zati handi bat erabiltzen du diskoak eta LP-ak erosteko, eta kilometroak egiten ditu kontzertu on bat entzuteko helburuarekin. Halaber, scooter-enganako zaletasuna adierazten du (Vespa, Lambretta).

Gaur egungo egoera ikusita, ze bide ikusten dituzu zuk mugimendua berriz ere berpizteko?

Mod eszena oso garrantzitsua izan zen 60. hamarkadan, 70. hamarkadan, aldiz, desagertzeko zorian egon zen, eta 1978. urtetik aurrera itzuli zen. Garai batzuetan jende gehiago egongo da mugimenduaren parte izaten, eta beste uneetan, aldiz, jende gutxiago. Zerbait ziklikoa da. Quadrophenia filmak sekulako interesa piztu zuen, 80. hamarkadaren erdira arte luzatu zena. Aurrerago, 90. hamarkadan Britainia Handiko Britpop-arekin (Oasis, Blur...) itzuli zen eta egun, neo-soul musikak arrakasta handia jasaten ari da, Amy Winehouse, Duffy, Sharon Jones & The Dap Kings, James Hunter edo Eli Paperboy Reed izeneko artistak izanda. Beraz, mod mugimendua bere erroetara itzuli da, soul-era, alegia. Gauzak badoaz eta itzultzen dira.

The Allnighters-en taldekide bezala, ze neurritan ikusi zenuen mod mugimenduak Euskal Herrian hartutako garrantzia?

Mod mugimenduarekin zuzenean harremanduta geunden The Allnighters taldea (1988-1998). 90. hamarkadaren hasieran izan genuen etapa bat izan ezik, zeinetan kitar estilora hurbildu ginen Cnned Heat edo Dr. Feelgood taldeekin oinarritzat, gure musika mod gazteek bultzatzen zuten. Hasieran, bost taldekidetik lauk genuen harreman estua mod mugimenduarekin, baina denbora pasa ahala, soilik ni geratu nintzen eszenarekin kontaktuan. Ondorioz, nahiz eta mod band ez ginen izan, beti izan genuen mod mugimendua oinarritzat gure lanean. 


The Allnighters taldea.



NACHO

Nacho, mod bat da. Mod mugimendua aditua, bai musikalki zein kulturalki. 25 urte inguru daramatza mod eszenan.


Mod mugimendua piztu baino lehen, zein zen Britainia Handian gazteriaren artean bizi zen egoera?

Angry Young Man izeneko gazte mugimendua bizi zen, hippy gazteen aurrekariak izan zirenak. Hauek, Jazz, Blues, Folk politikoa... jotzen zuten, eta hasiera batean ez zuten jarrera politikoekin bat egiten, kaleko mugimendua baitzen. Geroago psikodelia musikarantz jo zuten,  mugimendu hippy-an eragina izanez. Garai horretan bertan, (50. hamarkadako azken urteetan) lehenengo mod kideak agertu ziren, pop kultura gustoko zutenek eta haien komunitate propioa egin zutenek. Gainera, italiar modarenganako interesa erakutsi zuten, scooter-ak erabiliz.

Mod izena, Modern Jazz musikaren izenetik datorrela diote, egia al da?

Mod izena modernismo hitzatik dator. Mod gehienek haien jazz musikarien estiloa hartu zuten, eta bertatik etorri zen izena, jazz musikarien izenetik, hain zuzen ere.

Zeintzuk dira mod mugimenduan eragin gehien izan zuten musika motak?

Alde batetik, Modern Jazz musikak izan zuen garrantziarik handiena, musika afroamerikarrean (reggae, ska, mento...) eta New Orleans-ko blues musikan oinarritzen zena. Gainera, skhiffle musika nabarmendu zen. Hau, normalean etxeko tresnekin egiten zen, adibidez garbitzeko tablekin. Skhiffle-ak garrantzi handia izan zuen mod eszenan, The Kinks edo The Animals taldekoak horrela hasi baitziren musika jorratzen. Baina kultura honen oinarri nagusienetarikoa, duda gabe, jazz musika izan zen.

Zeintzuk ziren Blues, Soul edo R&B musiken mugak?

Hasiera batean, R&B (Rhythm & Blues) izena erabiltzen zen Blues edo Soul musikak izendatzeko, biak baitziren musika afroamerikarrak. Gainera, estilo bateko talde batek, beste estiloko abestiak jorratzen zituzten. Baina garrantzitsua izando da mod mugimenduak berak egin zuen auto-hornikuntza prozesua. Honen bidez, Britainia Handiko mod gazteak R&B musika estiloa jotzen hasi ziren, musika talde propioak eginez. Beraz, argi ikus daiteke “Do It Yourself” (Egin ezazu zure kabuz) erako prozesua izan zela.

Ze diskografika nabarmendu ziren mod musika lagundu zutenak?

Batez ere Motown eta Atlantic diskografikak lagundu zuten musika beltza aurrera eramaten. Motown R&B-etik gertu zegoen, baina gehiago gerturatzen zen pop musikara. Atlantic, aldiz, R&B-era gerturatzen zen, eta beste estiloetako musika lantzen zuen, hala nola, Groove musika. Gainera, aipatzekoak dira Stax, Studio One edo Troyan diskografikak, azken bi hauek batez ere, jamaikar musika bultzatu zutenak.
  
Ze kontzertu gogoratzen duzu bereziki?

Eddie Floyd-en kontzertuak bereziki gustoko izan nituen. Lehen aldiz Bergaran ikusi nuen, eta geroago Bilbon Blues Brothers Band-eko kontzertu batean ikusi nuen. Zoragarria.

Nola finkatu ziren mod estiloko janzkera eta itxura?

Jazz eta R&B musikarietatik hartu zen jaznkera dotore hura. Musikari hauen diska hartzen badugu, adibidez Mous Allison-ena, janzkeraren garrantziaz ohartaraziko gara: neurriko janzkiak, korbatak, italiar estiloko zapatila dotoreak...

Zein izan zen mod eta skinhead kulturen arteko lotura?

Gaur egun Fred Perry markako poloekin ikus ditzakegun skinhead-ak, 60. hamarkadan mod mugimenduarekin jaiotakoak dira. 60. hamarkadan mod eta skinhead kultura eskutik lotuta zeuden. Baina 1967 eta 1968 urteen artean, mod gazte asko psikodeliarantz hurbildu ziren, ile luzea utziz. Batzuek, psikodelia musika beltzaren antitesitzat hartzen dute, baina nik ez dut horrela pentsatzen. Jakin behar dugu gazte askok musika beltza entzuten jarraitu zuela, bere mod izaera izanez. Horregatik ez dut skinhead mugimendua mod mugimendutik aldenduta dagoenik pentsatzen, soilik eboluzio moduan ikusten dut.

Janzkera aldetik, zeintzuk ziren arroparik erabilienak?

Esan dugunez, jazz musikari beltzeen estilo dotorea hartu zuten mod gazteek. Berokien artetik, parkak, bomber-ak, harrington-ak, cromby-ak... Markako alkondarak (Fred Perry, Ben Sherman), diseinuzko zapatailak, adibidez, longfair-ak... Gaur egun, mod mugimenduaren berpizkundearekin, sekulako negozioa egin dute arropa dendetako kateek.

Modaren inguruan, Paul Weller-ek (“The Jam”) izan zuen garrantzi handia. Honek, Lonsdale markako kamiseta batekin agertu zen argazki batean, markari garrantzi handia emanez. Halaber, JamShoes zapatilak atera zituzten, The Jam taldekoek eramaten zituzten antzekoak.

Gaur egun, zaila izaten da hain kultura “underground” bateko kide errebeldeek horrelako arropa garestia eramatea, ezta?

Nire ustez, garai ezberdinak ziren. Kontuan hartu behar dugu gerraostean zegoela Britainia Handia, eta horrek oparotasun ekonomikoa ekarri zuen. Beraz, gazte hauei errazagoa egiten zitzaien lana aurkitzea edota arropa garestia lortzea. Gaur egungo egoerarekin ezin dugu aldendu.

Rocker eta mod kulturen artean, zelako gorrotoa zegoen?

Rocker-ak zerbitzu militarra egin zuten pertsonak ziren, jende gogorra. Gainera,  mod batzuk anfetaminen efektuen menpean zeudelarik, joko parke batera sartu ziren jolastera. Baina bertatik kaleratu eta gero, denda batzuen eskaparateak apurtu zituzten. Dendari hauen semeak rocker-ak ziren, eta beraz, zenbait gatazka bizi ziren bi kulturen artean. Aipatzekoa da gobernuak eta prentsak izan zuten eragina gatazka haueta, askotan, pertsonak ordaintzen baitzituzten borrokak antolatzeko eta mugimenduaren ospean eragin negatiboa izateko. Zirkustantzia honetan, soilik gogorkeria nahi zuten pertsona askok, mod eta rcoker mugimenduetara hurbildu ziren, identitate baten bila zeuden pertsonak, alegia.

Zergatik erabiltzen ziren scooter-ak?

Erosoak ziren eta gainera italiar diseinua zuten. Haien artean Vespa, Lambretta markak zeuden, nahiko merkeak zirenak. Rocker-ak helduagoak ziren, zerbitzu militarra eginda zuten askok eta jerarkizazio handiagoa zuten, eta mod gazteak, ostera, 17-18 urteko gazteak ziren, scooter sinpleak erosten zituztenak.

Zergatik ispiluak scooter-etan?

Britainia Handian 60. hamarkadan abian jarritako lege baten aurkako jarrera izan zen. Lege honek gutxienez ispilu bat eraman behar zela zioen, beraz, mod gazteek ispiluak jarri zituzten bere motorretan, errebeldia moduan. Baina ispiluen auzia, mod arimaren isladatzat har genezake, espiritu narzisista baitzuten, ondorioz, haien motorrak beste jendeei erkustea zuten helburu.
 
Britainia Handiko ze taldeek jorratu zuten Rhythm & Blues musika?

Alexis Corner , Rolling Stones, The Yardbirds, Graham Bonds Organization, Pretty Things, The Animals , Action Creation... Hauek guztiak musikari zuriak ziren, beltzen musika jorratzen zutelarik. Horregatik, mod mugimenduak auto-hornitze prozesua egin zuela diogu, Britainia Handian musika beltza jorratzen zuten musikari zurien taldeak agertu zirelako.

Hippy mugimneduak, lehenengo mod mugimenduaren gainbehera ekarri zuela uste duzu?

70. hamarkadaren lehenengo zatian, ile luzedun hippy-ak nagusitu ziren eta mod kide askok psikodeliarantz eta hippy mugimendurantz jo zuten. Baina ez dut uste mod mugimenduarekin amaitu zutenik, zerbait ziklikoa dela uste dudalako. Gainera, mod gazte askok futbol zelaietako hooligans eta skinhead-ekin uztartu ziren. Beraz, 60. hamarkadako mod-en kopurua, logikoki, behera egin zuen, baina esan bezala, zerbait ziklikoa da.

Ze garrantzi hartu zuten drogek mugimenduan?

Jende askok pentsatzen du soilik anfetaminak kontsumitzen zituztela, baina beste erako drogak bazeuden, hala nola, kalamua. Kalamua erretzeko kausetako bat, gerraostean, Karibetik Britainia Handira emigratutako biztanleria izan zen, droga honen eskurapena errezten zuena. Anfetaminak kontsumitzen ziren baita ere, gau osoan zehar musikaren erritmo biziaz dantzatzeko.